home kontaktua
EZAGUTU GOZATU eta ZABALDU lKASI eta ERAKUTSI ELKARTRUKATU
disko kritikak
  DISKO KRITIKAK

ASKOREN ARTEAN “LET´S BOOGALOO Vol.04”
(Record Kicks, 2007)
Boogaloo-a erritmo latinoak eta soul eta rock & roll musiken arteko nahasketa omen da. 60. hamarkada erdi-bukaeran egon zen indarrean eta arrakasta handia izan zuen AEBetako hirietako auzo latinoetan. Kritika asko jaso zituen komertziala eta zurien belarrietara gozatutako erritmoa omen zelako. Azken urteotan Europako hainbat dantzalekuetan boogaloo kantuak berreskuratu dituzte eta orain, Portishead taldeko disko jartzaileak, Andy smith-ek boogaloo eta funk ukitua duten kantuekin bilduma osatu du.
 
HORACE ANDY “LIVIN IT UP”
(Medium, 2007)
Reggaearen hauskortasunaren ahotsa----Abeslari batzuk musikarekiko duten maitasuna miresgarria da. Horace Andy 16 urterekin grabatu zuen bere lehen kanta (1967. urtean) eta orduz geroztik musikaren munduan murgilduta egon da buru belarri. 70. hamarkadan, Jamaikan arrakasta handia izan zuten kantuak grabatu zituen (Skylarking, Jah Jah Children, Money is the root of the devil, e.a.) baina irlatik kanpo ez zuen horrenbesteko oihartzuna lortu (Ingalaterran izan ezik). 80. hamarkada erdialdean sustraizko reggaeak indarra galdu zuen eta reggae abeslari askorentzat oso urte gogorrak izan ziren. Kuriosoa da baina azken urteotan sustraizko reggaea jorratu duten talde eta abeslari askok Europan reggae musikak izan duen berpizkundeari esker mantendu dira. Jamaikako gazteen artean, sustraizko reggaeak ez du arrakastarik eta Europako gazte zurien sortu den zaletasunari esker “bizi” dira. Zoritxarrez, hauen artean ere, Horace Andy ere ez zen oso ezaguna eta Bristoleko Massive Attack taldearekin egindako kolaborazioei esker egin da ezaguna. Massive Attacken distira itzali da baina Horace Andy-k diskoak kaleratzen jarraitzen du. Azkena, Sly and Robbie bateri eta baxu joleen eskutik dator, eta kantu berriekin batera, 70. hamarkadako bere “klasiko” batzuk berreskuratu ditu. Donostiko Jazzaldian zuzenean ikusteko eta entzuteko aukera izango dugu aurki.
 
ASKOREN ARTEAN “JAZZMATAZZ VOL.04”
(V2, 2007)
1993. urtean Jazzmatazz bildumen lehen alea kaleratu zenean izugarrizko iraultza suposatu zuen. Garai haietan, rap musikak aldaketa asko ezagutu zituen. Dagoeneko ez zen soilik ghetto eta auzo txiroetan entzuten zen musika. Auzo beltz txiroen eremua gainditu zuen; besteak beste, Public Enemy, N.W.A. eta beranduago Snoop Doggy Dogg edo Dr. Dre bezalako jendeari esker, eta orain, musikalki ere, eremuak zabaltzen zituen. Rapa raggarekin edo jazzarekin elkartzen hasi zen eta emaitza izugarria zen. Guru, rap abeslaria eta ekoizlea ezaguna zen Ganstarr taldearekin egindako diskoei esker eta orain jazzarekin esperimentatzen hasi zen. Ez zen lehen aldia rapa eta jazza elkartzen zirela baina bai, merezitako babesa jasotzen zuen lehen aldia. Eta ez zen gutxiagorako. Guru-k rap eta jazzaren arteko maitasun harremana lortu zuen, jazz musikari eta rap abeslari ezagunak elkartu zituen eta emaitza oso erakargarria eta entzungarria lortu zuen, dotorea. Urte asko igaro dira eta orain, AEBetan, rapa salerosketarako tresna preziatua da eta horren ondorioak berriz, tamalgarriak. Raparen duintasuna mantentzen duten gutxi horien artean kokatuko genuke Guru eta esku artean dituen proiektu desberdinen artean, Jazzmatazzarena da gehien interesatzen zaiguna. Laugarren ale honetan ez dugu musikalki nobedade askorik aurkituko baina gaur egun hasieratik bukaera arte jarraian entzun daitezken kalitatezko rap diskoak aurkitzea da nobedadea.
 
SUSHEELA RAMAN “33 ONE THIRD”
(Xiii Bis, 2007)
London hirian jaioa, Indiako etorkinen sendikoa da eta lau urte zituela Australiara eraman zuten gurasoek. Txikitatik Indiako kantu tradizionalak ikasi ditu eta nerabe zela funk, rock, jazz taldea osatu zuen. Aurrekari hauekin bueltatu zen Londonera eta bertan kaleratu zuen lehen disko arrakastatsua 2001. urtean. Orduz geroztik emanaldi eta kontzertu asko eskaini ditu. Laugarren disko hau aurrekoen bidea jarraitzen du (akustikoagoa agian) eta Susheelaren ahotsaz gozatzeko aukera berria da.

 
MO HORIZONS “SUNSHINE TODAY”
(Agogo records, 2007)
Globalizazioa modu positiboan ulertuta. Mo´Horizonseko Ralf Droesemeyer eta Mark 'Foh' Wetzler-ek musikak muga fisikorik ez duela erakutsi dute azken zortzi urteotan kaleratu dituzten diskoetan. Estudioko laugarrena da hau eta mundu osotik egin dituzten bidaietan jasotako musika altxorren bilduma da; Europa, Afrika, AEBak eta Hego Amerikako musika desberdinen osagaiak erabili dituzte; beti ere, fondo elektronikoa oinarri dutela. Zazpi herrialdeetako bost abeslari eta hamar musikarik hartu dute parte.

 
FEMI KUTI “THE DEFINITIVE COLLECTION”
(Wrasse, 2007)
Fela Kutiren semea bezala aurkezten zaigu beti eta bada ordua aurkezpen txartela aldatu dezagun. Egia da Femi Kutik aitaren pausoak jarraitu dituela, musikaria da eta aitak nazioartean ezagutzera eman zuen afro-beat musika egiten du (funk afrikarra). Aitaren bidea jarraitu du baina bide horri norabide berriak zabaldu dizkio. Afrika beltzaren indarra islatzen du; erritmoaren eta garrasi musikatuaren eredu da, duintasunaren aldarrikapena diren mezuekin batera (kantuen letrak ulertzeko ahalegina egin beharko genuke, merezi du eta). Disko bilduma bikoitz honetan, orain arteko ibilbideari errepaso egiten zaio; oro har, Femi Kuti eta bere taldearen kantu eder eta ezagunak biltzen dira lehen diskoan (baita lehen urteetan kaleratutako kantu ezezagunak ,eta gure artean, orain arte, argitaratu gabeak). Bigarren diskoan berriz Femi Kutiren hainbat kantuen nahasketa desberdinak entzuteko aukera dugu; afo-beat eta erritmo elektronikoen arteko harreman estuaren adibide direnak (besteak beste, Kerri Chandler, Faze Action, Da Lata edo Joe Claussel bezalako disko jartzaile eta ekoizleek egindako nahasketa elektronikoak). Orain artean Femi Kuti nigeriar musikariaren doinuak ezagutzen ez dituenarentzat bilduma aproposa izan daiteke baina ez dugu oso ondo ulertzen, horren gaztea izanda dagoeneko horrelako izen itsusia duen bilduma kaleratzen dioten. Ez dadila “definitiboa” izan mesedez.
 
SCRATCH PERVERTS “WATCH THE RIDE”
(Harmless, 2007)
Scratcharen teknika rap musikaren zutabe nagusietakoa da. Oinarrian biniloak instrumentu modura erabiltzea da scratch-a, besteek egindako musika oinarri hartuta doinu berriak lortzeko helburuarekin. Platoak erabiltzeko teknika honetan maisu dira Scratch Pervertseko hiru kideak. Disko jartzaileen adar ikusgarriena osatzen dute eta euren sesioetan disko desberdinetako zatiak elkarrekin nahasteko trebezia handia erakusten dute. Sesio honetan garai guztietako rapa, drum & bassa eta two stepa entzun daitezke.
 
BAD BRAINS “BUILD A NATION”
(Megaforce records, 2007)
GALDUTAKO INDARRAREN BILA
Berezien artean berezia da Bad Brains taldea. 1978. urtean, AEBetako Washington hiriburuko ghettoetan elkartu zen hardcore musikaren oinarriak jarriko zituen laukotea (Gary Miller “Dr. Know” gitarra jolea, Darryl Jennifer baxu jolea, Paul Hudson “H.R.” abeslaria eta Earl Hudson bateri jolea). Hasiera batean, Mind Power izenarekin jazz eta funk musiken arteko nahasketa egiten zuten baina berehala sentitu ziren punk musikarekin erakarrita. Disko musika demonizatuak izugarrizko arrakasta zuen garaian sortu zuten Bad Brains taldea eta berehala lortu zuten AEBetako punk mugimenduaren barruan oihartzuna. H.R. ren ahots bereziak lagunduta, taldeak lantzen zituen erritmoak azkarrak eta bortitzak ziren eta abesti hauen artean reggae kantu ederrak tartekatzen zituzten (taldekideak rasta erlijioaren jarraitzaile dira gainera). 80. hamarkadan kaleratu zituzten disko ezagunenak. Taldeak gora behera ugari izan ditu (tartean H.R –k reggae taldea osatu zuen, Human Rights) eta orain, berriro, laukotea bildu eta disko berria kaleratu du. Ekoizpena Beastie boys taldeko Adam Yauch-ek egin du eta musikalki Bad Brainsen hasierako estiloa berreskuratu da; hardcore azkar eta melodikoa (roots reggaearekin tartekatuta). Dena den, gure ustez, kantu ederrak edukita ere, hasierako diskoen energia falta zaio eta H.R.-ren ahotsak ere ez du lehengo indarra.


 
ASKOREN ARTEAN “FANIA DJ SERIES”
(Fania, 2007)

60. hamarkadatik 80. hamarkadara Fania izan zen AEBetan erritmo latinoak (salsa bereziki) ezagutzera eman zituen diskoetxe arrakastatsuena. Musikari onenekin Fania All-Stars talde ezaguna sortu zuten eta diskoetxea indarrean mantendu zen urteetan 300 disko kaleratu zituzten (Tito Puente, Eddie Palmieri, Celia Cruz, e.a.) 2006. urtean diskoak berrargitaratzeari ekin diote eta oihartzuna ematen laguntzeko Gilles Peterson DJ ezagunari gustukoak dituen kantuekin bilduma osatzea eskatu diote.


gora

ixah.net   188 Posta Kutxa, 20120 Hernani  email:ixa74@hotmail.com telf:675 703 276
website by stamfordhell