BOB MARLEY |
 |
BOB MARLEY
Nork ez du Bob Marley ezagutzen? Bizi garen mundu globalizatu honetako
bazter eta txoko ezkutuenetara joanda ere, ziur Bob Marley-ren kamiseta,
bandera, txapa edo pina ikusi edo bere kanturen bat (bertsioa agian)
entzuteko aukera dugula. Denok ezagutzen dugu Bob Marley. Batzuentzat,
marihuana zigarroa ahoan duela Jamaikako hondartzetan maitasun kantuak
ontzen zituen abeslaria da, eta grazia egiten die ilea korapiloz beteta
eramateko zuen moduak. Beste batzuentzat, hirugarren munduak inoiz
izan duen musika izarrik handiena izan zen, miretsi beharreko iraultzailea
eta gizakion duintasunaren alde heriotzaraino borrokatu zen pertsona.
Duintasuna defendatu eta Haile Selassie diktadorea jainkotzat hartu?
Eskola lagunak ghettoetako zabor artean bizi edo hiltzen diren bitartean,
BMWa, etxe dotorea eta luxuz inguratuta bizi?
Gutxi batzuentzat, berriz, salerosketarako gai bihurtu da Bob Marley.
Hogeita bost urte igaro dira utzi gintuenetik eta oraindik, gaur egun
ere, orain arte "argitaratu gabeak" omen ziren abestiak kaleratzen
dituzte, luxuzko kutxetan eta prezio are "luxuzkoagoan". Etekin paregabeak
ematen dituen merkantzia.
Irudiaren munduan bizi gara, jendea denagatik baino gehiago duenarengatik
baloratzen dugu. Irudia miresten dugu eta bost axola digu atzean zer
dagoen. Bob Marley musikari eta abeslari aparta izan zen; inoiz ezagutu
dugun onenetakoa, baina ezin ahaztu inguruan izan zituenak ere ez
zirela makalak. Guztien artean osatutako kantuak, behin eta berriro
entzun ditugunak, gu emozionatzea lortu dute, sentimendu kontrajarriak
azalarazi dizkigute eta asko disfrutatu dugu kantuok entzunda. Gure
bizitzaren parte dira.
Musikaren eremua gainditzea lortu zuen Bob Marleyk. Jende askori itxaropena
bueltatu eta beraien eskubideen defentsan borrokatzeko indarra eta
inspirazioa eman zien. Ametsak egi bihurtu daitezkeela erakutsi zien,
eta horregatik guztiagatik eskerrak eman nahi dizkiogu Robert Nesta
Marleyri. Gure errespetu osoa irudiaren atzean dagoen pertsonari.
Zionen ikusiko dugu elkar.
ARITZ SOUND SYSTEM |
|